Aurtengo edizioan, aldaketaren bat egingo da ibilbidean, 2019ko edizioaren aldean.
Gaur, komunikabideei 2021eko Donostiako Klasikoako ibilbidea eman zaie jakitera, eta, bertan, JuliƔn Erasok ibilbidean egindako aldaketen berri eman du. Azken edizioaren aldean, aurtengoan Murgiletik behin baino igaroko ez direnez, mendate puntuagarri bat galduko da. Igeldotik Oriora jaisteko errepideko baldintzen ondorioz, lasterketa ezin da hortik igaro, eta, segurtasunagatik, ibilbidearen lehenengo zatia aldatzea erabaki da, lasterketak kilometro gehiago izan dezan eta gogorragoa izan dadin.
Lasterketan, 6 mendate puntuagarri egongo dira. Azkarate (3. mailakoa) eta Urraki (2. mailakoa), biak lehenengo kilometroetan, aurtengo mendate berriak izango dira. Alkiza (3. mailakoa), Jaizkibel (2. mailakoa) eta Erlaitz (1. mailakoa) ere igoko dituzte, Murgileko (2. mailakoa) aldapa gogorretarantz helmugatik igaro baino lehen.
Edizio honetan, tarteko 2 sprint egongo dira: batetik, Hondarribian; eta, bestetik, Donostiako Bulebarreko helmugatik lehen aldiz igarotzean.
Ibilbideak azken ediziokoak baino 2 kilometro gutxiago izango ditu, baina beste edizio batzuetakoa bezain gogorra izango da. Ikuskizuna bermatuta dago.