- Remco Evenepoelek Marino Lejarretarekin zeukan garaipen-errekorren berdinketa hautsi du
- Bigarrena Richard Carapaz izan da, eta Ben Tulett hirugarrena.
Donostiako Klasikoak 45. edizioa bete du, eta lehen mailako txirrindulariak elkartu ditu. Besteak beste, faborito nagusia, Remco Evenepoel (RBH, 21), historia egiteko gogoarekin agertu da irteeran. Ez zuen erraz izango, Julio Ciccone (LTK, 1), Richard Carapaz (EFE, 31) eta Jonathan Narvaez (UEX, 44) alboan izanda. Gaur, Klasikoan azkenengoz parte hartu dute Pello Bilbaok (TBV, 191), Ion Izagirrek (COF, 101), Nairo Quintanak (MOV, 165) eta Bauke Mollemak (LTK, 5).
Etaparen hasiera-hasierako metroetan ihesaldia gertatu da. Hauek izan dira eguneko ihesaldian zeuden txirrindulariak: Tim Rex (TVL, 16), Iñigo Elosegui (EKP, 63), Ådne Holter (UXM, 85), Valentin Ferron (COF, 103), Lorenzo Quartucci (BBH, 173), Nicolas Alustiza (EUS, 214), Nickolas Zukowsky (PQT, 237) eta Joan Bou (CJR, 242). Tropelarekin gehiengo distantzia 3’ eta 05 segundokoa izan da. Joan Bou Caja Rural – Seguros RGA taldeko txirrindulariak mendiko puntu kopuru gehien pilatu ditu. 2026ko Itzulian egin zuen moduan, Bou mendiko saria lortzeko borrokatu da.
Tropelak beste martxa bat sartu du Jaizkibel igotzen hasi aurretik. Faboritoek ondo kokatuta egon nahi zuten igoerako lehen metroetan. Igoeraren hasieran, ihesean joandakoekin zegoen distantzia 47’’-koa besterik ez zen. Lehenengo metroetan, tropeletik zenbait eraso egon dira. Bart Lemmen (TVL, 15), Sean Quinn (EFE, 33) eta Michael Leonard (EFE, 36) talde nagusitik aldendu dira. Tim Rex (TVL, 16) lasterketako burua zen bakarka. Jay Vine (UEX, 47) eta Maxim Van Gils (RBH, 27) talde jarraitzailearen buruko taldean sartu dira tropeletik. Atzetik, Red Bull – Bora – Hansgrohe taldeak tropelaren erritmoa markatu du ihes egindakoei joaten utzi gabe. Jaizkibelen gailurrean, lasterketako buruarekin zegoen distantzia 20 segundokoa baino ez zen.
Beheranzkoan, Lidl-Trek taldeak tropelari tira egin dio, eta distantzia apur bat murriztu du. Lasterketako buruan 6 txirrindulariko taldea zegoen: Bart Lemmen (TVL, 15), Tim Rex (TVL, 16), Maxim Van Gils (RBH, 27), Sean Quinn (EFE), 33, Jay Vine (UEX, 47) eta Lorenzo Quartucci (BBH, 173).
49 kilometro falta zirela, Hondarribiko irteeran, Remco Evenepoelek bizikleta aldatu behar izan du. Taldearen kudeaketa txarra dela-eta, bakarrik geratu da eta bakarrik egin behar izan du bidea Erlaitz igotzen hasi arte. Belgikarrak 40 segundo galdu ditu tropelarekiko. Evenepoelek Donostiako 4. Klasikoa irabazi nahi bazuen, gogor egin behar zuen lan. Igoeran beste kide batzuen laguntza izaten hasi da, baina berotuta zegoen ordurako.
Aurretik, UAE Team Emirates XRG, Lidl Trek eta Team Visma Leasi a Bike taldeek lasterketa mugitzen zuten. Louis Barrék (TVL, 14) eta Paul Doublek (JAY, 52) metro batzuetako distantzia lortu dute tropelarekiko. Gailurrera iristeko kilometro 1 falta zela, Evenepoel oraindik ez zegoen faboritoen taldean. Gailurrera iritsi aurretik, faboritoen taldeak, Ciccone buru zela, ihes egindakoak harrapatu ditu.
Klasikoa hiru aldiz irabazi duen txirrindulariak 35 segundoko distantzia zuen lasterketako buruarekiko amaierarako 42 kilometro falta zirenean. Lasterketaren buruko talde horretan, 10 txirrindulari zeuden: Giulio Ciccone (LTK, 1), Matteo Jorgenson (TVL, 11), Louis Barré (TVL, 14), Maxim Van Gils (RBH, 27), Richard Carapaz (EFE, 31), Paul Double (JAY, 52), Felix Gall (DCT, 91), Léo Bisiaux (DCT, 93), Mathys Rondel (TUD, 134) eta Enric Mas (MOV, 161).
Helmugarako 33 kilometro falta zirenean, Remcok lasterketako buruarekin bat egitea lortu du. Txirrindulari belgikarraren ahalegin harrigarria. Baina hori nahikoa ez balitz, Maxim Van Gils jarri du taldearen erritmoa markatzen.
Erlaitzeko igoerako urduritasuna eta tentsioa igaro ondoren eta taldea berriz osatu ondoren, kilometro batzuk lasai egin dituzte. Van Gilsek taldetik tiraka jarraitzen zuen Remcoren aginduetara.
Amaierarako 13 kilometro besterik falta ez zirenean, Arrietak erritmoa igo du eguneko azken igoeraren aurretik. Taldea ilaran zihoan, abiadura dela eta. Guztiek ondo kokatuta egon nahi zuten Murgileko aldats gogorren aurretik.
Evenepoel izan da eraso egiten lehenengoa, eta Carapaz gurpilari itsatsita zeukan. Biek bakarrik ihes egin dute igoeraren zatirik gogorrenean. Remco atzerantz begiratu, atseden apur bat hartu eta berriro ere ahalegindu da. EF Education Firsteko ekuadortarrak ez zuen ahultasunik erakusten. Biak elkarrekin heldu dira gailurrera, eta bien artean 8 kilometroko erlojupekoa hasi da helmugara iritsi arte. Atzetik, oso hurbil, Giulio Ciccone zeukaten.
Remco Evenepoelek esprinta irabazi eta historia egin du Donostiako bulebarrean, 4. aldiz irabazi baitu Donostiako Klasikoa. Lasterketaren edizio gehien irabazi dituen txirrindularia da, Marino Lejarretaren aurretik. Bigarrena Richard Carapaz izan da, eta hirugarrena Tulett.