2026ko Donostiako Klasikoaren aurkezpen ofiziala egin da 

  • 25 talde abiatuko dira Donostiako Klasikoaren 45. edizioan  
  • Remco Evenpoel Donostiako Klasikoa 4. aldiz irabazteko eta Marino Lejarreta gainditzeko borrokatuko da. 
  • Oso maila handiko parte-hartzea 

Gaur, uztailaren 28an, Donostiako udaletxean, 2026ko Donostiako Klasikoaren aurkezpen ofiziala egin da. Bertaratutakoen artean, honako hauek nabarmendu dira: Jon Insausti, Donostiako alkatea; Iñaki Gabarain, Donostiako Kiroletako zinegotzia; Goizane Álvarez, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kiroletako foru-diputatua; Gorka Iturriaga, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaria; Izaskun Vazquez, FCCko zerbitzuburua eta LAPeko goi-mailako teknikaria; eta Javier Riaño, OCETAko presidentea.  

Ekitaldian, 45. edizioaren ibilbide ofizialak zein diren eta iazkoaren aldean zer aldaketa egin diren gogoratu da. Javier Riaño OCETAko presidenteak lasterketa honek nazioarteko egutegiaren barruan duen garrantzia azpimarratu du: «Donostiako Klasikoak 45 edizio bete ditu, WorldTourraren egutegiko hitzordu garrantzitsua da, eta nazioarteko txirrindularitzaren barruko klasiko handietako bat». Horrez gain, bere esanetan, «aurten ere, lasterketak Gipuzkoako lurraldea zeharkatuko du, zazpi mendate izango ditu, eta betiko moduan, Donostiako Bulebarrean amaituko da». 

Jon Insausti Donostiako alkateak azpimarratu duenez, “Klasikoak lortu du txirrindularitza-denboraldiko ezinbesteko hitzordu bihurtzea, baita Donostiako egutegian ere. Dagoeneko, gure tradizioaren eta gure identitatearen parte da. Horrez gain, komunitatean gozatzen dugu, belaunaldiz belaunaldi igarotzen den zaletasuna elkarbanatuz. Gure bereizgarria da lasterketa erakargarria daukagula ibilbidearen ikuspuntutik eta paisaien ikuspuntutik, baina baita zaleek bide-bazterretik eskaintzen duten ikuskizunarengatik ere, beti errespetua eta eskuzabaltasuna erakusten baitituzte”. 

Iñaki Gabarain Donostiako Udaleko Kiroletako zinegotziaren esanetan, “Donostiako Klasikoa gure hiriko kirol-hitzordu handietako bat da, Donostiak ikuskizun handien egoitza moduan lortu duen ospearen erakusgarria. Kirolaren hiria gara, eta hori ikusten da bai herritarrek duten inplikazioa bai gorengo mailako lehiaketak berme guztiekin antolatzeko dugun gaitasuna eta kaudimena kontuan hartuta. Klasikoak munduko txirrindularitzaren elitea eta milaka zale biltzen ditu urtero, gure kaleetan giro aparta sortzen du eta hiriak proiektatzen duen irudia da kirola identitaterako, elkarbizitzarako eta nazioarteko proiekziorako osagai moduan ulertzen duela.  

“Donostiako Klasikoak Gipuzkoak txirrindularitzarekin duen lotura estua erakusten du. Uda guztietan, gure errepideak zalez betetzen dira, munduko txirrindularirik onenei laguntzeko. Hori guztia lortzen da antolatzaileek, erakundeek, taldeek, segurtasun- eta larrialdi-zerbitzuek eta boluntarioek egiten duten lanari esker”, azpimarratu du Goizane Álvarez Kultura eta Kiroletako diputatuak. 

Gorka Iturriaga, Eusko Jaurlaritzako jarduera fisikoaren eta kirolaren zuzendaria: “Donostiako Klasikoa, Itzuliarekin batera, Euskadin urtero antolatzen den maila goreneko UCI txirrindularitzaren erakusleiho handiena da. Frantziako Tourreko irudi ikusgarrien ondoren, euskal txirrindularitzaren etorkizuneko talentuen gidari izango diren izar onenak izango ditugu berriro. Gure herrialdea txirrindularitzaren sorlekua da, eta lasterketa horiek antolatzaileen, kluben, federazioen eta erakundeen papera indartzen lagundu behar dute, Euskadi Basque Country, Euskadi BIKE Country egiteko apustu partekatu honetan “. 

Aurten ere, tarteko esprinten enpresa babeslea UTE EASO GARBIA izango da (FCC Medio Ambientek eta Zerbitzu Elkarteak osatzen dute), eta beretzat oso pozgarria da Klasikoan parte hartzea. 

“Zuzenean edo komunikabideen bitartez, gure lurralde paregabearen aniztasuna antzeman ahal izango dugu. Izan ere, maitasun handiz zaintzen dugu, bertako bideak, hondartzak zein portuak garbitzen ditugunean eta hiri-hondakin solidoak gaika biltzen ditugunean. UTE EASO GARBIAN, bihotz-bihotzez nahi dugu emozioz betetako egun ahaztezina izatea denontzat”.  

Ibon Barberíak, Echemar Garraioak enpresako Komunikazioko zuzendariak, bere agerraldian adierazi duenez, “Echemarrek harrotasun handiz jakinarazi nahi du hirugarren urtez jarraian laguntza logistikoa emango duela Donostiako Klasikoan. Nazioarteko ospea duen proba bat da, eta guretzat ohore handia da gure esperientzia logistikoa erakusten jarraitzea neurri honetako ekitaldi bat berme guztiekin garatu dadin”. 

“Hirugarren urtez jarraian parte hartzeak berretsi egiten du antolatzaileekin eta lurraldearekin dugun konpromisoa. Eskerrak eman nahi ditugu gugan jartzen duten konfiantzarengatik hain eginkizun garrantzitsuaz arduratzeko, hain zuzen ere, ekitaldiaren logistikaz. Lan hori askotan oharkabean geratzen da, baina funtsezkoa da proba arrakastatsua izan dadin”. 

“ECHEMARetik lanean jarraituko dugu gorengo kalitateko zerbitzua eskaintzeko, eta gero eta eraginkorragoak eta jasangarriagoak diren konponbideak gehituko ditugu, aurrerantzean ere Donostiako Klasikoa munduko txirrindularitzaren barruan erreferentea izan dadin. Zorte handia opa diegu talde eta txirrindulari guztiei, eta zaleek txirrindularitza-egun zoragarriaz gozatzea espero dugu”. 

Aurkezpen-ekitaldiaren amaieran, Joseba Urkiolak lasterketaren jarraipena nola egin ahal izango den azaldu du: “Donostiako Klasikoa urteko hitzordu garrantzitsuenetako bat da guretzat. Ohitura, tradizioa eta garrantzia. EITBn ezin da uda ulertu Donostiako Klasikorik gabe. Horrez gain, denboraldiko azken dantzaldia da. Udaberrian hasten dena biribiltzeko aukera aparta. Zuzenean emango dugu 14:30etik amaitu arte EITBko kanal desberdinetan. Irrati guztietan, interneten eta, jakina, telebistan. Goi-mailako teknologia erabiliko dugu maila handiko txirrindularitza erakusteko. Frantziako Tourrean errealitateko grafismo-baliabideak ikusi ditugu, baita teknologia eta beharrizan guztiak ere. Gure lasterketa hau mundura irekitzeko, guk daukagun onena ezartzen hasi gara. Gainera, abuztuaren 1ean emakumezkoen Frantziako Tourra hasiko da eta badakigu begi asko daudela gure emankizuna ikusteko zain. Beraz, oso garrantzitsua da.”  
  

Izena eman dutenen behin-behineko zerrendan txirrindularitzako izen handiak daude, hala nola Giulio Ciccone Klasikoaren azken irabazlea (Lidl-Trek), Remco Evenepoel, Primoz Roglic eta Maxim Van Gils (Red Bull – Bora – Hansgrohe), eta Mikel Landa (Soudal Quick-Step), Julian Alaphilippe eta Marc Hirschi (Tudor Pro Cycling Team), Igor Arrieta eta Jan Christen (UAE Team Emirates), Ben Healy (EF Education – EasyPost), Felix Gall (Decathlon CMA CGMTeam), Pello Bilbao (Bahrain Victorious), Ion Izagirre eta Alex Aranburu (Cofidis), Enric Mas, Cian Uijtdebroeks eta Nairo Quintana (Movistar Team), Oscar Onley eta Thymen Arensman (Netcompany INEOS). 

Txirrindularitzaren jaia  

Uztailaren 31n, ostiralean, 18:30ean, taldeak Donostiako udaletxearen aurreko terrazan aurkezten direnean eta, abuztuaren 1ean, lasterketa egiten denean, Donostian eta Gipuzkoan txirrindularitzaren jai handia egingo delakoan daude Klasikoaren antolatzaileak.  

2026eko Donostiako Klasikorako baieztatutako taldeak 
Dena prest 45. Donostiako Klasikorako
Itzulia Basque Country, Itzulia Women eta Donostiako Klasikoa 2026ko datak baieztatu dira