Donostiako Klasikoaren aurkezpen ofiziala

  • 25 talde abiatuko dira dira Donostiako Klasikoaren 42. edizioan
  • Nazioarteko tropeleko izen handi ugari daude dagoeneko dortsalen behin-behineko inskripzio zerrendan

Gaur, uztailak 19, Donostiako Klasikoa lasterketaren aurkezpen ofiziala egin da Donostiako udaletxean. Bertaratutakoen artean nabarmendu behar dira, besteak beste, Eneko Goia, Donostiako alkatea, Iñaki Gabarain, Donostiako Kirol zinegotzia, Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua, Goizane Álvarez, Kultura, Kooperazio, Gazteria eta Kirol diputatua, Idoia González Larrabe, TotalEnergies entitatearen marketin, marka eta komunikazio arduraduna, Mikel Arrillaga, Eusko Labeleko marka eta merkatuen ataleko arduraduna, eta Julián Eraso, OCETAko presidentea.

Ekitaldian ibilbide ofizialak eta iazkoarekin alderatuta egin diren aldaketak aurkeztu dira. Julian Eraso OCETAko presidenteak aurtengo edizioari buruzko balorazioa partekatu du bertan bildu direnekin. «Egutegiko Klasiko garrantzitsuenetako bat 42. ediziora iritsi da. Behin-behinean izena eman dutenen zerrenda luzeak ezin hobeto irudikatzen du Klasikoak eragiten duen oihartzuna» azaldu du Julián Erasok.

Eneko Goia Donostiako alkateak nabarmendu nahi izan du «txirrindularitza bizi eta arnasten duen hiria garela. Zaleen energiak eta bizikletarekiko grinak bete egingo dituzte berriz ere lasterketak zeharkatuko dituen errepideak, eta mundu osoan zuzen-zuzenean ikusi ahalko da.

Nazioarteko egutegiko egun bateko lasterketa onenetako bat daukagu. Hala adierazten digute parte hartzera etortzen direnek, behin baino gehiagotan irabazi dutenek eta Jaizkibel, Erlaitz, Mendizorrotz eta Murgil igotzen izugarri sufritu dutenek. Eta, hala da gaur hemen zaudeten eta existitzen den kirol ederrenetako batean Donostia mundu mailako erreferente izatea posible egiten duzuen pertsona guztiei esker».

Goizane Álvarez Kirol diputatuak adierazi du «Klasikoak ezin hobeto irudikatzen duela gure lurraldea. Ibilbide horretan Gipuzkoak bere aurpegirik onena erakusten du, zale amorratuena, kirolaren inguruan parte hartu, gozatu eta elkartzen badakiena, baliorik onenak partekatzeko. Gipuzkoak harreman berezia izan du beti txirrindularitzarekin, XX. mende hasieratik, bizikletak ekoiztearen aldeko apustua egin zuten enpresa sinbolikoak agertu baitziren, lehen txirrindulari gipuzkoarrak goi mailako lehiaketetan parte hartzen hasi baitziren, eta XX. mendean zehar probak antolatzen hasi eta mundu mailako erreferente bihurtu baitira, esaterako Bicicleta Eibarresa, Euskal Herriko Itzulia, Arrateko Igoera, Donostiako Klasikoa, Ordiziako Klasikoa, etab. Gipuzkoa eta txirrindularitza, txirrindularitza eta Gipuzkoa; harreman sendoa daukate, ehun urte baino gehiagokoa, eta lurraldeko herritarrei esker dago bizirik, belaunaldiz belaunaldi herritarrek pasioz bizi baitute mundu mailako txirrindularitzarik onena».

Ekitaldia ixteko Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak hartu du hitza; adierazi duenez, «Donostiako Klasiko honek urtero laguntzen digu gu geu garena mundu mailan erakusten. Izan ere, maila honetako lasterketa batek mundu osoko zale, komunikabide eta kazetarien arreta bereganatzen du, eta hori baliagarria zaigu mundura irekitzeko eta nazioarte mailan geure burua erakusteko. Baina azken asteetan, txirrindularitza eta kirolak, oro har (Tour, IronMan), jai orokortu ere bihurtu dira.  Txirrindularitza zaleak izan zein ez, azkenaldian, ziurrenik urte zailak bizi izan ditugulako (pandemia…), transmititu ezin izan dugun poztasun hori bideratzeko modu bat aurkitu dugu. Haurren, gazteen zein helduen arteko poz orokortua, hainbat belaunaldi elkartu dituen poza. Eta horretarako “aitzakia” kirola izan da. Uztailaren 29an beste aukera bat daukagu horrelako poz uneak bizitzen jarraitzeko eta txirrindulariei zein txirrindularitzaren munduari helarazteko».

Inskripzioen behin-behineko zerrendan txirrindulari handiak aurreikusi dira, besteak beste: Julian Alaphilippe eta Klasikoko azken irabazlea, Remco Evenepoel (Quick-Step Alpha Vinyl Team), 2021eko Klasikoko irabazle Neilson Powless, (EF Education – Easypost), Carlos Rodríguez (Ineos-Grenadier), Alex Aranburu (Movistar), Simon Yates (Jayco Alula), Tony Gallopin (LDL-Trek), Juan Ayuso (UAE Emirates), Mikel Landa eta Pello Bilbao (Bahrain Victorious), Ion Izagirre (Cofidis), baita beste asko ere.

Txirrindularitzaren jai handia

Uztailaren 28an, ostirala, taldeak Alderdi Eder parkean aurkeztean, eta uztailaren 29an, lasterketa bera jokatzean, txirrindularitzak Donostian zein Gipuzkoan jai handia ospatzea espero du Klasikoaren antolakuntzak.

Itzulia Basque Country, Itzulia Women eta Donostiako Klasikoaren logistika bazkide eta babesle nagusi berria Echemar izango da
Itzulia Basque Country, Itzulia Women eta Donostiako Klasikoa lasterketek dagoeneko badauzkate 2024rako data ofizialak
Remco Evenepoel nagusitu da berriz ere Donostiako Klasikoan eta Marino Lejarreta berdindu du edizio gehien irabazi dituen txirrindulari modura