2024ko Donostiako Klasikoa ofizialki aurkeztu dute

  • 25 talde abiatuko dira Donostiako Klasikoaren 43. edizioan 
  • Nazioarteko tropeleko izen handi ugari daude dagoeneko dortsalen behin-behineko inskripzio zerrendan 

Gaur, abuztuak 2, 2024ko Donostiako Klasikoaren aurkezpen ofiziala egin da Donostiako udaletxean. Bertaratutakoen artean nabarmendu behar dira, besteak beste, Eneko Goia, Donostiako alkatea, Iñaki Gabarain, Donostiako Kirol zinegotzia, Marta Pastor, Gipuzkoa Foru Aldundiko Kirol zuzendaria, Juan José Fernández Gómez, B2Cko Salmenten arduraduna Ipar Zonan, eta Julián Eraso, OCETAko presidentea. 

Ekitaldian ibilbide ofizialak eta iazkoarekin alderatuta egin diren aldaketak aurkeztu dira. Julián Eraso OCETAko presidenteak aurtengo edizioari buruzko balorazioa partekatu du bertan bildu direnekin. «Aurten ere Donostiako Klasikoa bueltan da eta egutegiko klasiko garrantzitsuenetako bat 43. ediziora iritsi da dagoeneko». Azaldu duenez, «aurten ibilbidea moldatu behar izan dugu, errepide batzuk egoera txarrean daudelako eta hainbat obra daudelako; baina bertsio berriarekin ikuskizuna bermatuta dago».  

Donostiako alkate Eneko Goiak azpimarratu duenez, «momentu batez 80ko eta 90eko hamarkadetara egingo dugu atzera; orduan Klasikoa Aste Nagusia hasteko egunaren bezperan jokatzen zen, eta gure jai maitatuenetako baten pregoilari lanak egiten zituen. Urte haietan Klasiko handiak bizi izan genituen. Ziur nago aurten ere Klasikoa pregoilari bikaina izango dela, bizikletaren jai handia Frantziako Tourraren eta Olinpiar Jokoen ondoren, eta kirolak eta, zehazki, txirrindularitzak garrantzi handia izango duten asteari hasiera emango dio». 

Bestalde, Iñaki Gabarain Kiroletako zinegotziak lasterketaren inguruan azaldu duenez, «dagoeneko 43 edizio bete ditu mundu mailako eta Donostiako txirrindularitza zaleen arreta bereganatzen duen kirol ikuskizunak; izan ere, zaleek tropelari eskainitako babes eta indarra leku guztietan aitortzen da. Hala, nazioarteko txirrindularitzaren eliteak 236 kilometroko ibilbide zorrotzari egin beharko dio aurre, oraingo honetan helmuga Zurriolan izanik. Gure hiriko udako kirol hitzordu nagusia izango da, Donostiako udaren estandarteetako bat».  

Marta Pastor Gipuzkoa Foru Aldundiko Kirol zuzendariak nabarmendu duenez, «Donostiako Klasikoak Gipuzkoa mundu mailako kirol mapan jartzen du. Mundu osoko talde eta txirrindularirik onenak erakartzen dituenez, lasterketak hedabideen estaldura globala jasotzen du, eta Gipuzkoako edertasuna eta xarma nazioarteko ikus-entzuleei erakusten die. Horrez gain, lasterketak gure kirolari gazteentzako inspirazio eta estimulu gisa ere balio du. Eliteko txirrindulariak gure errepideetan lehiatzen ikusteak bokazioak pitz ditzake eta gazteenek txirrindularitza praktikatzea ekar dezake. Funtsezkoa da oinarrizko kirola garatzeko, eta hori geure lehentasunetako bat da». 

Bestalde, Juan José Fernándezek, TotalEnergies lasterketaren babeslearen B2C Salmenten arduradunak, konpainia energetikoak lasterketan duen inplikazioa nabarmendu zuen. «TotalEnergies enpresan gure jarduera garatzen dugun lurraldeetako ongizate sozialean laguntzeko helburua dugu, eta zer hobe kirolaren balioak sustatzen dituen lasterketa bati laguntzea baino?». Azaldu duenez, konpainiak elektrizitate, gas eta zerbitzuen 500.000 kontratu aktibo baino gehiago ditu Euskadin (eta ia 2 milioi estatu mailan). Horrez gain, aurrez aurreko arreta emateko bulegoak ditu hemen Donostian, Bilbon, Barakaldon eta Gasteizen. 

Gaineratu duenez, «aurten berriz ere presentzia bikoitza izango dugu txapelketan, gure txirrindularitza talde propioak parte hartuko baitu, Team TotalEnergies taldeak, hain zuzen ere». Horren haritik, «lasterketen energia» izenez ezagutzen den TotalEnergiesek kirolaren aldeko apustu tinkoa egiten du; izan ere, Juan José Fernándezek azaldu duenez, Donostiako Klasikoaz gain txirrindularitza profesionalean Itzulia eta Asturiasko Itzulia ere babesten ditu, baita hainbat zikloturismo proba ere. Korrika egiteko egitasmoei dagokienez, Behobia – San Sebastián, Madrilgo Rock and Roll, Sevillako Maratoia edota Emakumearen Lasterketaren zirkuitua ere babesten dituzte. Orotara, 300.000 pertsonek baino gehiagok hartzen dute parte lasterketa horietan. 

Tarteko esprinten babesleek azaldu dutenez, «DONOSTIAKO GARBIKETA aldi baterako enpresa elkartea eta, horrenbestez, elkartea osatzen dugun FCC Medio Ambiente, SAU eta Serbitzu Elkartea, SL enpresak oso pozik gaude aurten ere Klasikoaren babesle izateagatik. 

Txirrindularitzak erakusten du taldean lan eginez eta esfortzuaren bidez arrakasta handiak lor daitezkeela, eta, askotan, helmugara iristea askoz garrantzitsuagoa dela arrakasta bera baino. Abuztuaren 10eko jardunaldian gaur egungo nazioarteko txirrindularitzaren figura handiekin gozatzeari esker, helduak zein haurrak kirol honen inguruan elkartzea posible izango da. 

Lasterketa puntu zehatz batean zuzenean zein ikus-entzunezko hedabideen bitartez jarraituz gure lurralde bikaineko hainbat zona ikusi ahal izango dira. DG enpresa elkartean jardunaldi zirraragarria izatea eta denok elkarrekin gozatu ahal izatea espero dugu». 

Bestalde, Echemarreko CEO Jose Manuel Echarrik azaldu duenez, «Transportes Echemar enpresan ulertzen dugu enpresek aberastasuna eman behar diotela probintziari, eta horretarako kirola babestea bezalakorik ez dago, hain zuzen ere nazioarteko inpaktu izugarria duen proba batean. Txirrindularitzak dituen esfortzuaren balioekin bat egiten dugu, kamioilarien lana ere oso oso sakrifikatua delako. Eta frogatu nahi dugu hemen, Gipuzkoan, badirela maila honetako ekitaldi batean babes logistikoa emateko gaitasuna duten garraio enpresak». Lankidetzari dagokionez gaineratu duenez, «babes honek inpaktu mediatiko handia du, txirrindularitzak ikusgarritasun zabala duelako komunikabide guztietan. Gipuzkoako zaleak izugarriak dira, eta antolaketari babesa ematen jarraitu behar da». 
 

Aurkezpen ekitaldia Joseba Urkiolak itxi du, lasterketa jarraitzeko moduak azalduz: “Emanaldia 14:30ean hasiko da ETB1n eta zuzenean. Unitate Mugikor berri batek egingo du emankizuna eta UHDn ikusteko moduan izango da HBBTV bidez eta 4K erresoluzioan. Goi mailako teknologia lagun, goi mailako ikuskizunaz gozatzeko aukera izango da EITB. Fermin Aramendi, Xabier Usabiaga eta Alfontso Arroio izango dira kontakizunaz arduratuko direnak. Euskadi Irratian, Radio Euskadin eta etib.eusen ere zuzenan jarraitu ahal izango da lasterketa guztia xehetasun denekin”. 
 

Inskripzioen behin-behineko zerrendan txirrindulari handiak aurreikusi dira, besteak beste: Julian Alaphilippe eta Mikel Landa (Quick-Step Alpha Vinyl Team), Pello Bilbao (Bahrain Victorious), Neilson Powless eta Richard Carapaz, (EF Education – Easypost), Primoz Roglic eta Jai Hindley (Red Bull – Bora – Hansgrohe), Alex Aranburu eta Oier Lazkano (Movistar), Simon Yates (Jayco Alula), Sepp Kuss (Visma – Lease a Bike), Giulio Ciccone (Lidl – Trek), Isaac del Toro (UAE Emirates), Ion Izagirre eta Gorka Izagirre (Cofidis) eta Romain Bardet (Team DSM-Firmenich Postnl), baita beste asko ere.  

Txirrindularitzaren jai handia 

Abuztuaren 9an, ostirala, taldeak Kursaaleko terrazan aurkeztean, eta abuztuaren 10ean, lasterketa bera jokatzean, txirrindularitzak Donostian zein Gipuzkoan jai handia ospatzea espero du Klasikoaren antolakuntzak. 

OCETAk 2025eko Itzulia Basque Countryrako, Itzulia Womenerako eta Donostiako Klasikorako data ofizialak iragarri ditu 
Marc Hirschik irabazi du 2024ko Donostiako Klasikoa, bere lehen txapela
FCCk eta Serbitzuk Donostiako Klasikoa babesten jarraituko dute aurten ere