- Giulio Cicconek bere lehenengo txapela eraman du Donostiako Klasikoan
- Jan Christen (UAD, 13) bigarrena izan da; eta Maxim Van Gils (RBH, 56), hirugarrena
Azkenean, Donostiako Klasikoaren 44. edizioa iritsi da. Taldeek atzo egindako aurkezpenean bizitako giro paregabearen ostean, lasterketaren eguna heldu da. Donostiako Klasikoko indarreko irabazlea faborito nagusien artean zegoen beste txirrindulari batzuekin; esate baterako, Juan Ayuso (UAD, 12), Isaac Del Toro (UAD, 15) Primoz Roglic (RBH, 54) edo Oscar Onley (TPP, 141), besteak beste.
Lasterketaren hasieran, hainbat eta hainbat eraso egon dira lehenengo kilometroetan, eguneko lehenengo mendate puntuagarria baino lehentxeago, hain zuzen ere. Bertan, 12 txirrindularik tropeletik aldentzea lortu dute. Honako hauexek zeuden lasterketa-buruan: Jordan Labrosse (DAT, 26), Gil Gelders (SOQ, 33), Mats Wenzel (EKP, 67), Julen Arriola-Bengoa (CJR, 72), Darren Van Bekkum (XAT, 126), Alexy Faure-Prost (IWA, 133), Enzo Leijnse (TPP, 145), Gotzon Martín (EUS, 161), Anthony Delaplace (ARK, 172), Paul Double (JAY, 181), Ben Swift (IGD, 217) eta Josh Burnett (BBH, 233).
Lasterketako 95. kilometrotik igarotzean, lasterketa-buruaren eta tropelaren arteko aldea minutu bat eta 55 segundokoa zen. Beti-beti, UAE Team Emirates XRG eta Red Bull – Bora – Hansgrohe talde nagusiko buruak izan dira.
Donostiatik lehen aldiz igaro ondoren, tropelak erritmoa biziagotu duenez, minutu bat eta 20 segundokoa zen aldea. Eguneko hiru igoera nagusiak zeuden hurbil: Jaizkibel, Erlaitz eta Murgil. Garaipenerako faboritoek euren taldeak mugiarazi dituzte, ihesaldia neutralizatzeko eta Jaizkibelen nahiz Erlaitzen aukerak edukitzeko.
Igoerako erritmoa bizi-bizia izan da ihesi zihoazenen artean nahiz tropelean bertan. Ihesaldian, hiru txirrindulari baino ez dira geratu Jordan Labrossekin (DAT, 26) eta Mats Wenzelekin (EKP, 67). Atzetik, Lucas Plapp (JAY, 186) tropeletik aldendu da, ihesaldian sartzeko asmoz. Irunera iritsi baino lehen, hirurak elkartu egin dira berriro. Tropela atzean geratu da 1’ 27”-ra.
Ihesaldian zihoazenek 27 segundoko aldea zuten Erlaitz igotzen hasi baino lehen. Lehenengo aldapen ondoren, Lucas Plapp (JAY, 186) lasterketa-buruan zihoan bakar-bakarrik. Behetik, Primoz Roglicek (RBH, 54) erritmoa biziagotu duenez, tropela suntsitu du, eta aurkari guztietatik aldendu da. Jan Christen (UAD, 13) eta Léo Bisiaux (DAT, 21) baino ezin izan dira bere atzetik joan. Apurka-apurka, Roglicek indarra galdu du, eta beste txirrindulari-talde batek neutralizatu du. Haien artean, bere taldekidea den Maxim Van Gils (RBH, 56) zegoen, baita Jan Christen (UAD, 13) eta Giulio Ciccone (LTK, 42) ere. Hala ere, den-dena ez zegoen erabakita, UAE Team Emirateseko Isaac del Toro mexikarra erraz-erraz heldu delako taldera. Igoerako azken metroetan, Roglic lasterketa-buruan sartu da berriro. Bi Red Bull-Bora-Hansgrohe, bi UAE Team Emirates XRG eta Lidl-Trek bat Donostiako Klasikoko liderrak ziren helmugarako 42 kilometro falta zirenean.
Del Torok erritmoa biziagotu du tarte latzena igo baino lehentxeago, eta Giulio Ciccone (LTK, 42) baino ezin izan da bere atzetik joan. Handik aurrera, erlojupekoa hasi da helmugaraino.
Lasterketa apurtuta zegoen, talde txiki asko zeuden-eta. Lasterketa-buruko bi txirrindulariek 40 segundoko aldea zeukaten atzetik zihoan taldearekin. Izan ere, bete-betean ari zen lanean, aurretik zihoazen biak harrapatu nahian. Talde horretan, honako txirrindulari hauek zeuden, besteak beste: Jan Christen (UAD, 13), Léo Bisiaux (DAT, 21), Primoz Roglic (RBH, 54), Maxim Van Gils (RBH, 56), Neilson Powless (EFE, 91), Tiesj Benoot (TVL, 101), Cian Uijtdebroeks (TVL, 107) eta Lucas Plapp (JAY, 186).
Helmugarako 17 kilometro bakarrik geratzen zirenean, aldea 53 segundokoa zen. Bazirudien lasterketa-buruko bi txirrindulariak azken igoeran lehiatuko zirela garaipena lortzeko. Igotzen hasi aurretik, aldea 36 segundokoa zen. Atzetik zihoan taldean, Jan Christenek (UAD, 13) erasoari ekin dio, baina inor ezin izan da bere atzetik joan. Lasterketa-buruko bi txirrindulariak harrapatu ditu, eta, berriro ere erritmoa biziagotu duenez, kalte handia egin dio bere taldekideari, ezin izan diolako eraso egin. Ciccone txirrindulari suitzarraren atzetik joan da, eta, erritmoa aldatu duenez, UAE Team Emirates XRG taldeko bi txirrindulariak utzi ditu atzean. Italiarrak bere onena eman du, eta agerikoa zen inor baino indartsuago zebilela.
Atzetik, ez zegoen askoz indar gehiago. Neilson Powlessek (EFE, 91) Del Toro harrapatu du, goiko aldera iritsi aurretik.
10 segundoko aldea zeukala, Lidl-Trekeko txirrindulari italiarra bakar-bakarrik iritsi da Donostiako Bulebarrera, baina nahikoa izan da 2025eko edizioko txapela eramateko. Bigarrena Jan Christen (UAD, 13) izan da; eta hirugarrena, Maxim Van Gils (RBH, 56).
Irabazleak
Lehenengo sailkatua: Giulio Ciccone (LTK, 42)
Bigarren sailkatua: Jan Christen (UAD, 13)
Hirugarren sailkatua: Maxim Van Gils (RBH, 56)
Mendiko sariko irabazlea: Giulio Ciccone (LTK, 42)
Esprinteko irabazlea: Giulio Ciccone (LTK, 42)
Gazte onena: Jan Christen (UAD, 13)
Euskaldun onena: Urko Berrade (EKP, 61)
Talde onena: Team Visma – Lease a Bike
Borrokalariena: Lucas Plapp (JAY, 186)