- Klasikoak Murgilerako igoera berreskuratuko du
- 2025eko edizioak 211 km eta 6 mendate puntuagarri izango ditu
- Lasterketako irteera eta helmuga Bulebarrera itzuliko dira
Donostiako Klasikoaren 44. edizioa motorrak berotzen ari da. Euskadiko nazioarteko txirrindularitzako hitzordu handia 2025eko abuztuaren 2an, larunbata, izango da, eta, berriro ere, WorldTour tropeleko txirrindulari onenak bilduko ditu oso ibilbide gogorrean. Aurten, gainera, Murgilerako igoera adierazgarria berreskuratuko da helmugara heldu baino lehenagoko tarte erabakigarri moduan.
Aurreko edizioetan bezala, lasterketa Bulebar donostiarrean hasi eta amaituko da, hiriko leku esanguratsuenetakoan eta zaleen nahiz txirrindularien arteko ohiko elkargunean, alegia. Irteera neutralizatua 11:20an izango da.
Murgil itzuliko da lasterketaren amaierako epaile moduan
2025eko ibilbideak 211 kilometro baino gehixeago izango ditu, eta probaren betiko funtsari eutsiko dio, gogortasuna, paisaiaren edertasuna eta ikuskizuna uztartuko ditu-eta. Berriro ere, Jaizkibelerako eta Erlaitzerako igoerek zeresan handia izango dute lasterketaren garapenean. Hala ere, helmugatik 10 kilometrora baino gutxiagotara dagoen Murgil-Tontorrako aldapa latz-latza izango da garaipenari begira izangaiak behin betiko hautatuko dituena.
2 kilometro inguruko horma horrek %20tik gorako aldapak ditu, eta, 2024an kanpoan geratu ondoren aurten itzuli egingo denez, ziur probaren amaiera ezin zirraragarriagoa izango dela.
Eskalatzaileentzako ibilbidea: 4.150 metrotik gorako malda eta 6 mendate puntuagarri
Edizio honetako trazatuko malda metatua 4.150 metro positibotik gorakoa denez, WorldTour egutegiko ibilbide gogorrenetakoa da. Egunaren joan-etorrian, tropelak 6 mendate puntuagarriri aurre egin beharko die, eta guzti-guztiak lasterketa apurtzeko eta txirrindulari ausartenei aukerak emateko gai dira.
Berriro ere, 2025eko Donostiako Klasikoa UCI WorldTourrerako proba puntuagarria izango denez, nazioarteko txirrindulari nagusiek bertan parte hartuko dutelakoan gaude.
Aurten ere, Donostian, txirrindularitzaren jaia egingo da abuztuko lehenengo larunbatean.